Pasar al contenido principal

Eskubideak defendatzen bizitzea

Imagen

Català | Castellano

1998an, Nazio Batuen Erakundeak adierazpen bat onartu zuen giza eskubideen defendatzaileen inguruan. Berak babesteko nazioartean hitzarmenak eginak badaude ere, giza eskubideen defendatzaileek —pertsonak, erakundeak nahiz komunitateak—, maiz, aurre egin behar izaten diote indarkeria eta arrisku handiko ingurune bati. 2016. urtean, mehatxatuak izan dira giza eskubideen 1.000 defendatzaile baino gehiago, mehatxatuak eta, gainera, jazarriak, atxilotuak eta kriminalizatuak; baita eraso fisikoak, legalak eta sozialak ere jasan dituzte. Horrez gain, 25 herrialdetako 281 lagun, bederen, hil egin zituzten , besteren artean, lurraldea eta ingurumena zaintzeagatik, herri indigenen eskubideak babesteagatik eta sexu eta genero identitateak defendatzeagatik.

Ustiapen horren bitartez, Nazioarteko Bake Brigadek (PBI) eta Mundubat fundazioak ezagupen
bat egin nahi diegu pertsona, erakunde eta komunitate horiei guztiei; izan ere, indarkeriari eta aurkako testuinguruei aurre eginez, egunero-egunero sustatzen dihardute eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak eta ingurumen arlokoak.

Hona hemen giza eskubideen defendatzaileen hogei kasu, bost herrialdetan gertatuak: Mexikon, Hondurasen, Guatemalan, Kolonbian eta Palestinan. Irudiekin lagundutako kontakizunen bitartez, haien borrokak, eskakizunak, arriskuak eta ekimen kolektiboak ikusaraztea da erakusketa hau egiteko motiboa.

[Inofrmazio gehiago nahi baduzu, deskarga ezazu argazki erakusketaren txostena]

Memoria historikoa berreskuratzea, zigorgabetasunaren eta desagerrarazpenen kontrako borroka

Imagen

Giza Eskubideen Ekintza Legaletarako Zentroa (CALDH)
Guatemala
Argazkia: James Rodríguez. 2013ko apirila

Magdalena Marcos De León, ixil etniako emakume maia, deklaratzen ageri da, Efraín Ríos Montt jeneralaren aurka —1982ko martxotik 1983ko abuztura izandako diktadura militarrean estatuburu egon zena—, genozidioagatik eta gizateriaren betebeharren aurkako delituengatik egindako auzian. 80 urteko kartzela zigorra eman zioten Ríos Montti, 2013ko maiatzaren 10ean, delitu horiengatik. Hamar egunen buruan, legez kanpoko ebazpen batekin, Konstituzionaltasunaren Auzitegiko hiru epailek atzera eraman zuten prozesua, kontu tekniko bat zela medio. CALDH ari da kasu honetan, auzi-jartzaile atxiki eta aholkulari legal gisa, Justiziaren eta Bakearen aldeko Elkartearentzat.

 

Imagen

Guatemalako Alargunen Koordinakunde Nazionala (CONAVIGUA)
Guatemala
Argazkia: James Rodríguez. 2014ko uztaila

Comalapako kakchiquel emakume maiak eta CONAVIGUAko kideak, berreskuratutako 10 hezurdurak jaso zituztenean Guatemalako Antropologia Forentseko Fundazioaren eskutik. Comalapako antzinako destakamentu militarretik berreskuratu zituzten gorpuzkiak, eta familiakoei eman zizkieten DNA bidez identifikatu ondoren. Emakume maia talde batek eratu zuen CONAVIGUA, zeinak 80ko hamarkadaren hasieran eta erdialdean alargundu baitziren, gerra zela medio. Esan beharra dago Guatemalako barne gatazkan 200.000 zibil, bederen, hil egin zituztela eta beste 40.000 desagertu egin zirela. Identifikatutako biktimen %83 baino gehiago maia zibilak ziren.

 

Imagen

Hondurasko Atxilotu Desagertuen Familiakoen Batzordea (COFADEH)
Honduras
Argazkia: Francesca Volpi. 2017ko maiatza

Bertha Oliva, COFADEHeko koordinatzailea, 2005 urtean hautagai izan zen Bakearen Nobel Sarietarako mila emakumeko zerrenda batean. COFADEHren sortzailea da, 80ko hamarkadan sortutako erakundea, zigorgabetasun oro borrokatzeko eta desagerrarazpenen biktima izan direnen memoria kolektiboa bizirik gordetzeko. 1980 eta 1989 artean, gutxienez 184 lagun desagertu ziren Hondurasen, disidentzia sozial eta politikoaren aurkako Estatu terrorismo praktikak erabiltzearen ondorioz. Haren zeregina dela eta, COFADEHeko kideek eta haien senideek maiz jasaten dituzte mehatxuak, jarraipenak, erasoak, jazarpenak eta bahiketak.

 

Imagen

Giza Eskubideen Tlachinollan Mendiko Zentroa
Mexiko
Argazkia: Prometeo Lucero. 2015ko otsaila

Vidulfo Rosales Sierra, Giza Eskubideen Tlachinollan Mendiko Zentroko (CDHM Tlachinollan) abokatua, Ayotzinapako «Raul Isidro Burgos» Eskola Arautuko 43 ikasle desagerrarazien gurasoei lagun egiten. Igualan, Ayotzinapako ikasleekin gertatu denak erakusten du nolako krisi larrian sartua den Mexiko, giza eskubideez, segurtasun faltaz eta zigorgabetasun endemikoaz denaz bezainbatean. 30.000 desagerpen baino gehiago eman dira herrialdean. Defentsa lan hori dela medio, CDHM Tlachinollaneko kideetako batzuek mehatxuak eta erasoak jasan dituzte, baita hilketa mehatxuak ere.

 

 

Imagen

Chicoyogüitoko Auzo Elkartea Alta Verapazen
Guatemala
Argazkia: James Rodríguez. 2017ko ekaina

Filomena Chen Chicoyogüitokoa da, Alta Verapaz departamentuan. 1968ko uztailaren 28an, Guatemalako armadak bortizki aterarazi zituen Chicoyogüitoko q’eqchi’ komunitate maiako 50 familia, bere lurraldean armadak base militar bat ipintzea erabaki zuenean. Gerrako urteetan, Cobango 21 Base Militarra jendea atxilotzeko eta hiltzeko gune bihurtu zen. 2012 an, Guatemalako Antropologia Forentseko Fundazioko kideek 558 indigena zibilen hezurdura atera zituzten; diotenez, hura da Latinoamerikako desagerrarazpen kasurik handieneko bat. Alta Verazpazko Chicoyogüitoko Auzo Elkartea izan da erakunde salatzaileetako bat CREOMPAZ kasuan, gizateriaren aurkako delituengatik akusatutako militar goi-kargudunen kontra.

 

Lurraren eta lurraldearen defentsa, nekazarien eta herri indigenen eskubideak

Imagen

Landako Langileen Sindikatu Nazionala (CNTC)
Honduras
Argazkia: Francesca Volpi. 2017ko maiatza

“9 de Julio” nekazari enpresako kideak, CNTCko kide den nekarazi erakundea, poliziek 2017ko urtarrilean haiek aterarazteko erabili zituzten negar gasak erakusten. Jendea aterarazteko orduan, poliziek eta militarrek inolako neurri gabe erabili zuten indarra, beren suzko arma eta negar gas, eta bortxan bortxan atera zituzten “9 de Julio”-ko familiak zazpi urtean defendatzen aritu ziren lurretatik, botere ekonomiko handiko talde nazionalen interesak direla eta. CNTC da Hondurasen dagoen nekazari erakunderik inportanteenetako bat, 1985ean eratua nekazariei lurra izateko bidea emateko helburuz. Orain arte 69.000 hektarea baino gehiago berreskuratzea lortu dute.

 

Imagen

Nekazari Batasunaren Batzordea (CUC)
Guatemala
Argazkia: James Rodríguez. 2013ko maiatza

CUCeko kideak ospakizun maia batean, entzutegi-aretoaren kanpoaldean, Efraín Ríos Montten kontrako genozidio-epaiketan. CUCen lan ildo nagusia da partaidetza sustatzea Oroimen Historikoaren eta Trantsizio Justiziaren prozesuetan. Baina batzordearen lan nagusiena jendeari sarbidea ematea da lurra eskuratzeko, erabiltzeko eta jabetzan hartzeko. 1978an sortua, baserritar, indigena eta herri antolakunde bat da, 8.000 familiatik gora elkartzen dituena herrialde osoan. Nekazarien soldatak hobetzeko erreakzio gisa jaio zen, eta herri indigenen militarizazioari eta diskriminazioari gogor egiteko.

 

Imagen

Chocó Etnien Elkartasunerako Foroa (FISCH)
Kolonbia
Argazkia: Juan Manuel Barrero Bueno

Chocó Etnien Elkartasunerako Foroa lurraldeko erakunde social eta etnikoen sare trinkoa da, eta 78 kide ditu, herri beltzen, indigenen eta mestizoen duintasuna defendatzeko gune gisa, lurraldearekiko erroak eta defentsa sustatzeko eta agintari tradizionalen eta kabildo indigenen parte hartzeari lekua egiteko. Chocó-ko departamenduan eta Antioquia Erdialdeko Atraton krisi humanitarioa larritu zenean sortu zen. Izan ere, Estatuak utziak ditu hango komunitateak, eta Kolonbiako gatazka armatuan ari diren zenbait talde daude. Foroak oso zeregin aktiboa du, eta aitorpen eta zilegitasun handia ditu. Haren proposamenetatik atera zen partaidetzaz eratzea Chocó-ko Eskualdeko Etnien Bake Agentzia, eta departamenduko Batzar legegileak bere egin zuen.

 

Imagen

Lolita Chávez eta K’iche’ Herrien Kontseilua (CPK)
Guatemala
Argazkia: James Rodríguez. 2011ko azaroa

Lolita Chávez (erdian) CPK-ko kidea eta feminista komunitarioa, osabide espiritualaz saio bat ematen, San Miguel Ixtahuacango emakume maien taldeari, non aurretik haietatik zortzi erreprimituak izan baitziren Marlin urre mehatzearen proiektuaren kontra egiteagatik; Goldcorp izeneko Kanadako mehatze konpainiaren proiektua, hain zuzen. Lurraren eremuko urraketak salatu ez ezik, emakumearen eremukoak ere salatzen ditu. Lurraren eta gorputzaren defentsan eta burujabetzan jardutea borroka paraleloak dira feminista komunitarioentzat. Lolita Chávezek eraso ugari jasan behar izan ditu, hala nola kriminalizazio prozesuak, beldurrarazteko ekintza eta atentatuak bere bizitzaren kontra.

 

Emakumeen eskubideak eta LGBTIen eskubideak

Imagen

Emakumearen Aztergunea-Honduras (CEM-H)
Honduras
Argazkia: Francesca Volpi. 2017ko maiatza

Emakume bat baba ereiten, Intibucá ondoan. Lurra izateko bidea da emakume indigenek eskatzen dituzten funtsezko eskubideetako bat. Landa eremuko emakume nekazarien eta indigenen eskubideen urraketa are sakonagoa da; izan ere, diskriminazio espezifikoak pairatzen dituzte beren genero, klase eta etnia direla medio. CEM-H erakunde feminista autonomoa da, emakumeen eskubideak sustatu eta defendatzen dituena askotariko indarkerietatik, diskriminazioetatik eta zapalkuntza patriarkal, kapitalista eta arrazistetatik; horiek baitira emakumearen diskriminazio historikoa finkatu dutenak. Bere lana da emakumeen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak sustatzea eta, orobat, eskubide sexualak eta ugalketa sustatzea eta indarkeria matxista ezabatzea.

 

Imagen

Emakumeen Bide Baketsua
Kolonbia
Argazkia: Emakumeen Bide Baketsua

Mugimendu feminista, baketsua eta antimilitarista bat da Emakumeen Bide Baketsua, lanean diharduena Kolonbiako gatazka armatua negoziazio bidez tramitatzearen alde; horrekin batera, gerrak emakumeen bizian izan duen eragina ikusarazi nahi du, eta Egia, Justizia, Erreparazioa eskatzearen eta norbanakoaren eta kolektiboaren memoria historikoa berreraikitzearen alde ari da. 1996an sortu zen, erantzun bat emateko Kolonbiako gatazka eremuetan emakumeek pairatzen duten indarkeria-egoera larriari. Bere oinarrizko printzipioak justizia, bakea, berdintasuna, autonomia, askatasuna eta bestearen ezagutza dira.

Imagen

 

Arcoiris LGTB Elkartea
Honduras
Argazkia: Francesca Volpi. 2017ko maiatza

Antolamendu-indar eta kalean egindako ikusgarritasunari esker, Honduraseko LGBTI komunitateak aurrerapenak egin ditu ezagutza sozialari eta eskubide sustaketari begira. Hala eta guztiz ere, erasoak, legez kanpoko atxiloketak eta heriotza mehatxuak izaten jarraitzen dute. 2008az geroztik, 200 LGBTI pertsona baino gehiago hil dituzte Hondurasen. 2009 urtean kolpe militarra izan zenetik, ugaritu egin da indarkeria homofoboa eta transfobikoa. LGTB Arcoiris Elkartea lanean ari da aniztasun sexualaren eta sexu-generikoaren aldeko giza eskubideak babesten eta sustatzen. Baina eskubide horiek defendatzeak arriskuak ere eragiten ditu: 2015eko ekainetik 2016ko martxora, Arcoiriseko sei kide hil egin zituzten zeregin horretan aritzeagatik.

 

Migrazioa eta mugimendu askatasuna

Imagen

Hermanos en el Camino migratzaileen aterpea
Mexiko
Argazkia: Ricardo Ramírez Arriola

Alejandro Solalinde, Hermanos en el Camino migratzaileen aterpeko zuzendaria, Estatu Batuetara bidaia jarraitzen duten migratzaileak agurtzen ditu. Aterpea, Ixtepec hirian kokatuta dagoena, Oaxacako estatuan, giza laguntza eta aholkularitza legala ematen aritzen da Mexiko zeharkatzen duten migratzaileei. Migrazio bideetan, pasaeran doazenak giza eskubideen urraketa jasan behar dituzte: bahiketak, estortsioa, gehiegikeria sexualak eta desagerpenak. 2010ean, Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak 11.333 migratzaileren bahiketak erregistratu zituen. Praktika horiek salatzeagatik Aita Solalinde-k eta Aterpeko kideek jazarpenak jasan dituzte, eraso fisikoak, eta, are, hilketa mehatxuak. 2017 urtean Bakearen Nobela sarirako proposatua izan da Solalinde.

 

Adierazpen eta informazio askatasuna

Imagen

Dina Meza
Honduras
Argazkia: Francesca Volpi. 2017ko maiatza

Kazetari ezaguna eta adierazpen eta informazio askatasunaren defendatzailea da Dina Meza. Giza eskubideen ikerkuntza eta salaketa lan inportanteak egin ditu, eta Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Elkartea eratu du: kazetariei lagun egite legala egiteko, izan ere errepresioa pairatzen baitute beren lan jardunagatik. Egiten duen lanaren ondorioz, behin baino saiatu dira hura beldurrarazten, mehatxu sexualak eta familia jazarpena barne. Honduras da munduan den herrialderik arriskutsuenetako bat kazetaritzan aritzeko. 2009. urtetik, 60 kazetari baino gehiago hil dituzte. Kasuen %90etan ez dago izan zigorrik.

Lan eskubideak

Imagen

Pasta de Conchos Familia Antolakundea (OFPC)
Mexiko
Argazkia: Nicky Milne Thomson

2006ko otsailaren 19an, Pasta de Conchoseko 8. unitateko ikatz-mehatzean, Coahuilako udalerrian, leherketa handi bat izan zen, eta 65 mehatzari harrapaturik gelditu ziren. Istripu haren ondorioz eratu zuten biktimen senideek Pasta de Conchos Familia Antolakundea, Mexikoko Gobernua presionatzeko gorpuak istriputik atera zitzan, kalte-ordainak eman zitzan eta erantzuleak epaitu zitzan. Istripuak amaitzen ez zirenez, erakundeak eskualdeko langileen lan baldintza prekarioak salatzen hasi ziren. Cristina Auerbach, Antolakundeko zuzendaria, behin eta berriz izan da jazarria eta fisikoki erasoa, eta ospe txarra eman diote, zergatik eta mehatze industriako negligentzia, ustelkeria eta krimen antolatuaren eragina azalarazteagatik.

 

Bakezko komunitate ekimenak

Imagen

Eremu Humanitarioak Cacarican
Kolonbia
Argazkia: Bianca Bauer / PBI Kolonbia

1997ko otsailean, Genesis Operazioa Cacaricako arroan garatu zen. Operazio militar eta paramilitar hartan, 70 krimenetik gora gertatu ziren, hileketen zein desagerrarazpenen bidez. Horren ondorioz, nahitaez desplazatu behar izan zuten 3.500 lagun inguruk. Cacaricako desplazaturiko komunitateek antolakuntza prozesu sendoa hasi zuten, eta 2000. urtean beren lurraldean itzuli ziren Nueva Vida eta Nueva Esperanza de Dios Eremu Humanitarioak eratuz. Estrategia hauek espazio kolektibo babestuak dira, gatazkan ziren eremuetako herritar zibilek soilik erabiltzeko, eta debekatua gelditu zitzaien legezko nahiz legez kanpoko jende armatuei leku haietara sartzea. Nueva Vida Eremu Humanitarioa izan zen era horretako lehen ekimena Kolonbian.

 

Imagen

Puente Nayero Eremu Humanitarioa, Buenaventura
Kolonbia
Argazkia: Bianca Bauer / PBI Kolonbia

Buenaventura indarkeria indizerik altuena duen hirietako bat da. Talde armatu legalak eta legez kanpokoak lurraldearen borrokan jardun dira, eta bidean utzi dute giza trajedia bat, mehatxuak, estortsioak, bortxaketak, torturak eta zibilen hilketen artean. 2014 urtean, gatazka armatuaren eta indarkeriaren dinamikei aurre egiteko, La Playita auzoko biztanleek Puente Nayero Eremu Humanitarioa sortu zuten. Hau da hiri ingurune batean egiten den horrelako lehen saioa. Bertan aktore armatuen presentzia debekatuta dago. Gaur egun, Buenaventurako portuaren zabaltzeko planekin, berriz etorri da indarkeria eta giza eskubideen urraketa uholde bat.

 

Imagen

San José Apartadó-ko Bake Komunitatea
Kolonbia
Argazkia: Bianca Bauer / PBI Kolonbia

San José Apartadó-ko herri nekazaria urteetan eta urteetan bizi izan da gatazka armatuaren erdian. Giroa horretan, nekazari komunitate honek babes mekanismoak asmatu behar izan ditu ezinbestean. Hala, 1997an, San José Apartadó-ko Bake Komunitatea eratu zuten, eta, beren burua neutral harturik, talde armatu guztien presentzia ukatu zuten beren lurraldean. Eratu zenetik, Komunitateko 320 lagun hil dituzte, 350 hiltzera mehatxatuak, 100 tortura kasu eman dira, eta 50 desplazamendu. Hala eta guztiz ere, gatazka armatuan ez parte hartzeko printzipio politikoetan oinarrituta, Bake Komunitateak bere oinarriak jarri ditu era alternatibo batean bizitzeko.